sábado, abril 03, 2010
ABERRI EGUNA 2010
Ezker Abertzaleak "Independentistak" sareak deitutako Aberri Egun bateratuarekin bat egin du
Hilabete igaro da ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpena argitara eman zuenetik. Ezker abertzalearen oinarri sozialak barne eztabaidan definitu eta erabakitako apustu politikoa barnebiltzen du ebazpen horrek.
Dakizuen moduan, ezker abertzalearen apustu politikoa Prozesu Demokratiko bat garatzearena da. Prozesu Demokratikoaren helburu nagusia herritarren babesa izan ezkero proiektu politiko guztiak egingarriak izango diren marko demokratikoa eraikitzea da.
Prozesu Demokratikoaren oinarriak herri aktibazioa eta indar metaketa dira, Estatuarekin politikoki eta demokratikoki konfrontatzeko. Herritarren babesa, herritarren aktibazio eta mobilizazioa dira Prozesu Demokratikoaren berme bakarra.
Azken hilabete honetan Prozesu Demokratikoaren oinarriak indartzeko urratsak eman ditu ezker abertzaleak, egun sakabanaturik diren sektore abertzale eta ezkertiarrak artikulatzeko sortu diren dinamiketan parte hartzeko apustua eginez eta ezker abertzalearen hausnarketa eta apustua elkarbanatzeko hainbat eragilerekin interlokuzio dinamika irekiaz.
Testuinguru honetan, izugarri positibotzat dauzkagu Hamaika Bil Gaitezen, GaztEHerria eta Independentistak moduko dinamikak; irizpide alderdikoiez gaindi indar metatzearen aldeko apustua egin duten dinamika herrikoiak direlako, aldentzen gaituenaren ordez elkartzen gaituena lehenetsiz elkarlanerako guneak sortuz. Eta batzen gaituena Euskal Estatua sortzearen helburua da, independentziaren helburua.
Positiboa da ere iniziatiba hauek jaso duten herri babesa, horren adibide ditugularik martxoan Iruñean Hamaika Bil Gaitezen-ek antolaturik burutu zen manifestazio jendetsua edota Independentistak sarea jasotzen ari den milaka et amilaka atxikimenduak.
Guzti honegatik, 2010eko Aberri Egunak garrantzi berezia hartzen du ezker abertzalearentzat. Aberri Egun hau testuinguru zehatz batean ospatuk oda; Euskal Herrian fase politiko berri bat irekitzen ari den garaian, aldaketa politikoaren alde dauden indarren metaketaren fasea, Estatuarekin parametro politiko eta demokratikoetan konfrontatu nahi duten indarren metaketaren fasea. Inolako konplexurik gabe Euskal Herriaren independentziaren aldekoak diren ildo ezberdinetako pertsonen metaketa azken finean.
Guzti honegatik, Independentistak sarean bildu diren tendentzia ezberdinetako milaka independentistek Aberri Egunerako buruturiko deialdi bateratua txalotzeaz gain, ezkerreko abertzale guztiei dei egiten diegu deialdi horretan parte hartu dezaten. Iruñatik, Euskal Herriko hiriburu historikotik, ezker abertzaleak dei egiten du apirilaren 4ean Bidasoan inposaturiko muga gaindituko duen mobilizazio erraldoian parte hartzera.
EZKER ABERTZALEA
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario