![](http://photos1.blogger.com/blogger/64/3035/320/BALMA1.jpg)
![](http://photos1.blogger.com/blogger/64/3035/320/BALMA2.jpg)
NAZIOTASUN EGUNA 2006 BALMASEDA
Herritarron hitza eta erabakia praktikan jartzeko unea da
2006-06-07 | Zestuatik Balmasedara, Urolatik Enkarterrira, Gipuzkoatik Bizkaira, EHNA egitetik erabiltzera!
Hemen duzue ekainaren 11an Balmasedan buruturiko Naziotasun Egunaren kronika.
Ekainaren 11an, Balmasedan (Enkarterri-Bizkaia) burutu zen aurtengo naziotasun eguna.
Goizeko 11ak aldera burutu zen lehen harrera ekitaldia, Balmasedako Udaletxearen aurrean. Julen JAUREGI BAI EUSKAL HERRIARI ekimeneko kidea arduratu zen, naziotasun egunera goiztiarren bertaratutakoei ongi etorria eman eta egitaraua jakinarazten. Txistuaren doinu bizian dantzari batek Agurra dantzatu ondoren, suziriek festaren hasiera jakitera ematen zuten.
Harrera egin ostean, albokarien gidaritzapean, Balmasedako Langile eskolara gerturatu zen jendean. Bertan, zain zegoen UDALBILTZAko Lehendakaria, Loren ARKOTXA. Langile eskolan Udalbiltzako hautetsiak prest ziren bulegoari irekiera emateko, aurretik JAUREGI eta ARKOTXAren artean, Euskal Herriko armarria inskribaturik zuen, Naziotasun Eguneko oroigarri bati estalkia kendu zioten.
11:30tatik aurrera, Balmasedako Udaletxe aurreko plazan, herri kirolak eta Putxeren inguruko erakusketa bat izan ziren ikusgai. Herri kiroletan, lehia aizkolari eta harri zulatzaileen artekoa izatea, ikusmin handia sortu zuen, bertaratutako askok ez baitzuten harri zulatzaileen lana ezagutzen.
Eguzki sutsu batek, inoiz baino gogorrago jotzen zuelarik, 13:30ak aldera EKITALDI NAGUSIAri hasiera emango zion adarra entzun zen. Jarraian txalapartarien egur kolpeak deia luzatzen zieten inguruko itzalpetan bildurik ziren herritarrei.
Ekitaldi nagusiko adierazpenak ikusi nahi izanez gero sakatu HEMEN.
Aurkezleak, Naziotasun egunaren nondik norakoak azaldu eta Loren ARKOTXA UDALBILTZAko lehendakariari hitza eman zion.
ARKOTXA jaunak amaitzean, txistuaren doinupean dantzariak jaitsi ziren Udaletxe alboan zeuden eskailera luze batzuetatik barna. Agintarien dantza burutu ostean Ikurriña gogor astindu zuten bertaratutakoen txalo zaparradaren artean.
BAI EUSKAL HERRIARI ekimenari zegokion hitz txanda. Julen JAUREGIren hitzetatik EHNA egin eta erabiltzeko gonbitea entzun ahal izan genuen. Euskal Herria gatibu duten, ukazioaren arkaitzak zulatzeko tenorea heldu zela esatean, bi harri zulatzailek gogok ekin zioten beren lanari. Ukazioaren arkaitz hauek jada zulatzen hari diren eta EHNArekin bizi diren herritarrei hitza eman zien JAUREGIk.
Eskenatokira igo ziren EHNArekin bizi diren herritarrak. Horien artean zen Angel ALCALDE ere, sofritzen duen minbiziak ez bait zion eragotzi Naziotasun Egunean parte hartzea. Pasa den abenduan, Enkarterriko 13 gaztek beren DNIa Moncloara bidali zuten, EHNArekin bizitzeko apostuarekin bat eginaz. Horietako neska baten hartu zuen hitza.
Harri zulatzaileak kolpez kolpe ziharduten bitartean, EHNArekin bizi diren herritarrek argi esan zieten bertaratutako herritarrei, beraiek zulo txiki bat egingo ziotela ukazioaren arkaitzari, baina zulo txiki bat nahikoa dela itsaso oso bat iragan ahal izateko. Arkaitza pitzatu eta gastatuko duen jende itsasoa igaro ahal izateko zuloa ari zirela egiten. Horretarako EHNA egin eta erabiliz bizitzeko deia luzatu zuten.
Ekitaldiari amaiera emateko, Euskal Herriaren lurraldea marraztu zuten bertaratutakoek. Lurraldearen forma zuen irudia hartu zuten EHNA eskuan zutela.
15rak aldera HERRI BAZKARIAz gozatzeko parada izan zuten bertaratu ziren 150 lagun inguruk. Bazkalondoko kantaldiak kafea hartzen zihardutenen belarriak goxatu zituen. Giro ederrean bazkaldu ahal izan zuten, Udaletxeak eskaintzen zuen itzal eta freskuran.
Albokariek altxatu harazi zituzten, 17ak aldean oraindik mahaiari itsatsita geratzen ziren jatun nagiak.
17:30tan TXIMELETA taldearen dantzaldiak eta trikitixaren gidaritzapean 19:30ak aldera buruturiko herri poteoak nahikoa dantza eta irri egiteko parada eskaini zuten.
20ak aldean autobusak agurtzearekin amaitu zen festa, nahiz eta Enkarterrietako hainbat gaztek festari amaierarik emateko asmorik ez izan eta gau erdirarte luzatu zuten amaiera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario